Museoak

  • Bilboko Arte Eder Museoa
    Gaur egungo museoaren jatorria hasierako Arte Eder Museoan (1908an sortu zen eta 1914an ireki zituen ateak) eta Arte Modernoko Museoan (1924an inauguratua) dago. Instituzio biak eta bildumak 1945ean elkartu ziren, eta urte hartan bertan egin zen eraikin zaharra. 1970ean eraikin modernoa gehitu zen, eta, 2001ean, berrikuntza lan handia egin ostean, museoak gaur egun duen itxura hartu zuen. Pintura, eskultura, paperean egindako obra eta arte aplikatuen artean, Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumak hamar mila pieza baino gehiago ditu, XIII. mendetik gaur egunera arteko ondare multzo aipagarri batean. Antzinako arteko eta arte moderno eta garaikideko ale garrantzitsuak ditu, eta interes berezia dute Espainiako eta Flandesko eskolako pinturak eta euskal artisten presentzia handiak. Bilboko Arte Eder Museoa
  • BIZKAIKO MUSEOAK
    Datorren maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna da eta Bizkaiko 23 udalerriko 36 azpiegituratan programazio berezi batekin ospatuko dute egun hau "Museoak eta istorio polemikoak. Esanezina museoetan esatea” goiburuarekin. Programazio osoa helbide hauetan dago: http://www.bizkaia.eus/museoak www.bizkaikoa.bizkaia.eus. Museoen Nazioarteko Egun hau duela 40 urte hasi zen ospatzen eta bere xedea jendea Museoek gizartearen garapenean duten zereginari dagokionez sentsibilizatzea da. Jarduera anitzak maiatzaren 21 arte.
  • Simón Bolívar Museoa
    Errementarikua baserriak hartzen du 1983az geroztik Simón Bolívar Museoa. Donejakueren kostaldeko Bizkaiko ibilbidearen ondoan dago. Museoaren bildumek girotu egiten dituzte, batetik, Erdi Aroko bizkaitarren bizimodua eta, bestetik, Simón Bolívarren ibilbide pertsonala eta politikoa. - Beheko solairuan: Simón Bolívarren ikonografia dago. Aldi baterako erakusketak ere hemen ipintzen dira. - Lehen solairuan: Erdi Aroari buruzko informazioa dago (paisaia, abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarrituta egiten zuten bizimodua, Bolibarreko eta Ziortzako elizek izan zuten garrantzia, ikatza egiteko egurrari zelan ateratzen zioten probetxua, jarduera ekonomikoak –burdingintza eta errotak–, eta hiribilduak zelan sortu ziren) - Bigarren solairuan: Simón Bolívarren biografia kronologikoa dago (Venezuela, 1783-Kolonbia, 1830). Bolívarren genealogia, Europara egin zituen bidaiak, Bilbon eta Madrilen egin zuen egonaldia, Bolívarren atal politikoak, eta Independentziaren geografia). Simón Bolívar Museoa
  • Eleiz Museoa
    Eleiz Museoan ikus daitezkeen lanak Bizkaiko tenpluetatik ekarri dira: elizetatik, baselizetatik eta komentuetatik. Bizkaian eta bizkaitar artistek egindakoak dira asko eta asko. Beste batzuk, berriz, kanpotik iritsi dira, baina gure lurralderako beren-beregi eskatutakoak izan ziren. Museoa ez da arte ederretakoa, azken 800 urteetako bizkaitar artearen museoa baizik. Erromanikotik gaur egunera artekoa. Museoak Atxuriko Enkarnazioko komentuaren solairu bi hartzen ditu. Lehen solairuan, urregintzako bilduma ederra ikus daiteke. Hemen egindako piezen ondoan daude Ameriketatik ekarritako lan bikain-bikainak. Opariak dira azken horiek, bizkaitarrek han arrakasta ekonomikoa lortu, eta euren jatorriko parrokiak ahaztu barik egindakoak. Hemen dago erlijio-arte garaikidearen aretoa, azken mendeko artista nabarmenek eginikoa: Larrea, Uranga, Romero de Torres... Bigarren solairuan, berriz, erromanikotik neoklasizismorako bidea egiten dute eskulturek eta pinturek, honelako artisten lanekin: Beaugrant, Luca Giordano, Carnicero, Paret... Eleiz Museoa
  • Durangoko Arte eta Historia Mu...
    Durangoko Arte eta Historia Museoa Durangoko Udalak 1984an sortutako zerbitzu publikorako fundazioa da. Egoitza Etxezarreta jauregian dauka, San Agustinalde kaleko 16. zenbakian. Museo historikoa: Beheko solairuko Historiari buruzkoa den I. aretoan, historiari buruzkoa, dauden plano, grafika, mapa, lanabes eta jantziek Durango hiribilduaren ingurune kulturala, juridikoa eta politikoa erakusten dizkigute. Bigarren solairuko Historiako II. aretoan, besteak beste, Manuel Losada, Alberto Arrue, Julián Tellaeche eta Antonio M. de Lecuonaren pintura lanaren bidez, ezagutzera ematen dira historian zehar garrantzi gehien izan duten durangar pertsonairen batzuk. Halaber, bestelako jazoera zenbaitek ere badu lekurik, batik bat karlistaden ingurukoek. Arte Ederreko Museoa : Hirugarren solairuan euskal pinturaren bilduma ikus dezakegu: besteak beste, Aquerreta, Dario Urzay, Ibarrola, Ruiz Balerdi, Zumeta, Urcelay, Mari Puri Herrero eta Nagelen lanak daude ikusgai. Durangoko Arte eta Historia Museoa
  • Enkarterrietako Museoa
    Enkarterriko eraikinik enblematikoa ikusiko dugu, batzar-etxe gisa sortua, mende eta mendeetan gobernu politikoko gunea izandakoa, eta gaur egun, Enkarterriko kulturaren eredu, museo bilakatua. Zaharberritzeko lan ugari egin ondoren, 1989an azkeneko aldiz eraberritu zuten, eta gaur duen itxura hartu zuen, dorrearen aurrean forma modernoak dituen atala gehituta eta Batzar-etxearen eta korrejidorearen etxearen barrualdea eraberrituta.Obrak bukatu ondoren, 1994an Enkarterrietako Museoa inauguratu zen. Bizkaiko Batzar Nagusien eraikin honek zortzi areto ditu, eta eskualde osoaren historiaren berri ematen digu, Historiaurrean hasi eta XIX. mendera arte. Museoaren zeregin nagusia Enkarterriko historia, ondarea eta artea ezagutzera ematea da: Enkarterriko kultura ikertzea. Enkarterriko eta Bizkai osoko kulturari buruzko erakusketak prestatzea. Azterketa historikoak eta artistikoak argitaratzea. Jarduera didaktikoak egitea, ikasleei Enkarterriko kulturako hainbat atal erakusteko. Kultura-izaerako bestelako jarduerak egitea: hitzaldiak, ibilbideak, erakunde eta partikularekiko elkarlana etab. Enkarterrietako Museoa
  • Euskal Museoa
    Euskal Museoa 1921ean sortu zen, eta Bilboko Alde Zaharrean dago, Jesusen Lagundiko San Andres ikastetxea izenez ezagutzen den XVII. mendean eraikitako eraikinean, hain zuzen ere. Museoak hiru solairu ditu, eta Klaustro soil baten inguruan egituratzen da. Klaustroaren erdialdean museoko lanik enblematikoenetako bat dago: Mikeldiko idoloa, II. Burdin Aroko eskultura zoomorfoa. Museoko funtsek euskal kulturaren eta horren gorabehera historikoen ikuspegi zabala eskaintzen dute. Izaera tradizionalekoak nabarmentzen dira, eta bi bloke nagusitan banatzen dira: euskal historia eta etnografia. Hau da, historian zehar kolektibo baten, euskal kolektiboaren, eguneroko bizitzaren lekuko diren objektuak. Beheko solairua Mikeldi, Kurutziagako Gurutzearen erreprodukzioa, eta “Victoria” zaldi-kotxea Lehen solairua: Etnografia Artzain-kultura, Euskaldunen itsasoa eta Ehun-eskulangintzak: artilea eta lihoa Bigarren solairua: Zeramika eta Burdingintza Euskal Herriko buztingintza, Euskal lozak eta portzelanak, eta Lebarioko burdinolaren maketa (1:5 eskala) Hirugarren solairua: Historia Bizkaiko Maketa (Eskala horizontala 1:5000/ Eskala bertikala 1:2500/ 200 m2-tako), Bilboko Kontsulatua eta Kartografia Historikoa Euskal Museoa
  • Euskal Herria Museoa
    Euskal Herria Museoak 1733.urtean eraikitako Alegria jauregi barrokoan du egoitza. 1982. urtean eskuratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak orubea eta, Euskal Herriaren esanahi historiko, politiko eta kulturala ulertzen lagunduko zuen espacio bat sortzeko asmoz, eraikina zaharberritu eta Museo bihurtzeko lanak gauzatu zituen. Museoa lau solairutan dago egituratuta: beheko solairuan, Euskal Herriko bizimodua baldintzatzen duen ingurune fisikoa ezagutarazten da; lehenengoan, bilakaera historikoa eta egungo egitura politikoa eragin zuten gertakariak aurkezten dira; bigarrenean berriz, kirola, sinesmenak, dantzak, musika, gastronomia eta hizkuntza bezalako adierazpen kulturalak dira aztergai. Azkenenengo solairua, ganbara, aldibaterako erakusketetara zuzendutako espazioa da. Euskal Herria Museoa
  • Guggenheim Bilbao Museoa
    Guggenheim Bilbao Museoa munduko arte moderno eta garaikideko museo nabarmenetakoa da nazioartean eta Euskadira turistak erakartzen dituen arrazoi nagusienetakoa da: urtero milioi bat inguru bisitari etortzen dira mundu osotik Museoaren arte-programazio bikaina ezagutzeko, esperientzia paregabea biziko dutela jakitun. Arte-programazioari dagokionez, Guggenheim Sarean sartuta dauden museoen funtsei dagokien bilduma iraunkorreko aurkezpenez gain, aldi baterako erakusketen programa bat du, asmo handiko programa. Museoa barne hartzen duen eraikin zoragarria Frank Gehry arkitekto ipar-amerikarrak diseinatu zuen. Eskultura handi bat sortu zuen, forma organikoak eta material bereziak erabiliz, hala nola kareharria, beira eta kanpoalde gehiena janzten duen titanio bereizgarria. Guggenheim Bilbao Museoa

Aldundiaren Logoa