Enkarterriak 1
Txangoa BI-636 errepidean hasi, eta Gueñesera joango gara. Handik BI3631 errepidera jo, eta Galdamesera helduko gara; bertan BI 3634 errepidean sartu eta Larrea auzora abiatuko gara. Bide aldapatsutik gora Loizaga dorrea ikusiko dugu, eta, haren barruan, Europan dagoen Rolls-Royce bilduma bakarra, 1910etik 1998ra bitartean fabrikatutako modelo guztiekin.
Bisitaren ostean, berriz ere Gueñesera jaitsiko gara, eta handik BI 636 errepidetik Balmasedaraino. Erdialdean sartu barik, herriaren irteeratik kilometro batera, ezkerraldean, La Encartada fabrika museoa dago, ostenduta ia-ia. Autoarekin beste 300 metro egin beharko ditugu aurrera, eta biribilgunean, museorantz biratuko dugu.
Bizkaiko industria-ondarearen benetako altxorra dugu La Encartadan. Antzinako fabrika honetan artilea lantzen zuten: txapelak, mantak eta oihalak. Gaur egun museoa da, eta ederto gorde du hango guztia. Askorentzat ezezaguna da, eta, hain zuzen, zirrara eragingo digute instalazioek eta hango emakume eta gizon langileen bizitzen berri izateak.
La Encartadan jatetxea ere badago; putxeran egindako indaba gozoak jateko aukera izango dugu, eta udan, berriz, oilasko errea. Inguruan parkea dago eta umeentzako jolaslekuak, bazkalondo ederra egiteko lekua, beraz; Cadagua ibaiertzean lasaitasuna eta jolasteko aukera izango ditugu.
Bukatzeko, Balmasedako herrigune historikoan zehar ibili gara pasieran, eta San Juan elizan Balmasedako Historia Museoa bisitatu dugu; hiribildu horretako iraganaren, tradizioen eta ohituren testigantza eskaintzen duten artelan, dokumentu, liburu eta objektuen bilduma dago bertan.