Lea Artibai
Markina izango da gure abiapuntua, BI 633 errepidea hartuko dugu bertan. Bilbotik abiatu, Durangaldean barrena eta Trabakua gainetik etorri bagara, Markinaraino joan barik, BI 633 errepidean jarraitu eta Iruzubieta bide-gurutzean BI 2224 errepidea hartuko dugu, Bolibar igaro eta Munitibarrera joango gara, erdialdea pasatu eta Gerrikaitz auzora heldu baino apur bat lehenago, kurba itxi batean Bengola Natur Energia Interpretazio Zentrorako sarbidea dugu. Lea ibaiertzean dago, energia berriztagarrien sorrera eta garrantzia erakusten ditu. Lea ibarreko eskualdea ezagutu eta interpretatzeko beharrezkoa da ingurua. Gainera, Bizkaian dokumentatuta dagoen burdindegirik zaharrenak dira han ikusiko ditugun hondarrak.
Munitibarretik BI 2224 errepidea hartuko dugu berriro, Bolibarreraino, Ziortza-Bolibar udalerrian. Bertan dago Simon Bolivar museoa, Errementarikua baserrian. Bolivar askatzailearen arbasoei dago lotuta baserria. Museoak Simon Bolivar askatzailearen ibilbide pertsonal eta politikoa erakutsiko digu.
Herria atzean utzita, eta berriz ere BI 2224 errepidean, Iruzubieta auzoan BI 633 errepidea hartu eta Markinaraino joango gara. Inguruko produktuekin etxeko jatekoa izango dugu herriko edozein jatetxetan.
Arratsaldean, Markina utziko dugu BI 633 errepidetik eta Ondarroako porturantz joango gara. Berriatura heldu baino apur bat lehenago, Plazakola bide-gurutzean, ezkerrera jo eta BI 2405 errepidean 15 minutu eginda Lekeitiora ailegatuko gara. Herria zeharkatu eta Santa Katalina itsasargira iritsiko gara, itsasaldea ederra izango dugu begi aurrean. Bertako interpretazio zentroan nabigazio-teknikak azaltzen dituzte, txalupa birtualera igoz gero, kostaldetik ibiliko gara eta sorpresak aurkitu, eta ostean, portura heldutakoan sentitzen den poza izango dugu. Euskadin bisitatu daitekeen itsasargi bakarra da Santa Katalinakoa. Ikusmira ederrak ditugu, berriz, kanpoaldean euskal kostaldeari begira.