Bilbo 1
Ibilbidea Arkeologi Museoan hasiko dugu, Bilbo eta Asua batzen zituen trenbidearen geltoki izandakoan. Museoa Bizkaiko iragana ikertzeko zentroa ere bada. Aukera ematen digu denboran atzera bidaiatzeko aztarnei jarraituz, duela 200.000 urtetik gora Barrikako itsaslabarreko bizilagunek erabilitako tresnetatik hasi eta duela 150 urte inguru Sestaoko desertuko San Jose komentuko fraideek erabilitako ontziteria arte.
Lehen errege-bidearen zati izaniko eta gaur Donjakue bidean dauden Mallona eskailerak hartu eta jaitsiko gara Euskal Museora joateko. Museoa eraikin historiko batean dago: jesuiten ikastetxe izandakoa. Klaustro ederra dauka, Mikeldi idoloa buru duela, kristo aurreko IV. mendeko eskultura zoomorfoa da. Museoaren zeregina euskaldunen bizimoduaren lekuko diren materialak eta dokumentuak gorde eta gizartean zabaltzea da. Lanbide tradizionalei lotutako objektuak daude. Bizkai osoa ere goitik begira daiteke, 18 metro luze eta 11 metro zabaleko maketari esker.
Museotik Gurutze kaletik irtengo gara, Erdi Aroko barrutiko Zamudio atea zeharkatu eta gero Santiago elizara iritsiko gara, Bilboko zaharrena da, hiria sortu baino lehen altxatu, eta XV. mendean berriz eraiki zuten estilo gotikoarekin. Handik Dorre kalea hartu eta Bolsa jauregira helduko gara. Harresiaren hondarrak ikus daitezke bertan. Inguruko jatetxe ugarien batean bazkalduko eta gero, Berreginen museora joango gara, Erriberako oinezkoen zubia igarota.
Berreginen museoa Europako onenetarikoa da bere sailean, erakutsitako kopien kalitateari eta aukeraketari esker, esaterako, bertan daude Samotraziako garaipena, Venus Miloskoa, eta Michael Angeloren Moises estatua.