Durangaldea
Elorrion, espaloi zabalak dituen errepide bakarti batetik Argiñeta nekropolira iritsiko gara, ehun urtetik gorako harizti liluragarriaren barruan. Disko itxurako hilarri apartak ikusiko ditugu bertan, eguzki-motiboak dituztenak. Hilarriak IX. mendean harri-blokeetan landu zituzten. Guztira, 20tik gora ehorzleku daude, han bizi izan ziren pertsona garrantzitsuentzat eginak. Orain dela 1200 urte ingurutik gora bertan herritxo bat altxatu zuten, eta duela 900 urte desagertu. Arkeologoek oraintsu aurkitu dute.
Elorriora itzuli, eta Erdi Aroko herrigunean paseoan ibiliko gara. Herria 1356an sortu zen, kale paralelo birekin. Garai batean harresi sendoek kaleok inguratzen zituzten. Gaur egun, berriz, Eguerdiko atea eta Erreka kaleko atea bakarrik gordetzen dira harresi izandakotik. Erdi Aroko kale estuetan ustekabean harrapatuko gaituzte jauregi nabarmenek, esaterako, Arabio (1570 ingurukoa) eta Arespakotxaga-Mendibil (1620 ingurukoa) jauregiek. Barruti horretatik kanpo, Sortzez Garbiaren basilika dugu, auzotarrek eskatu eta gero Erdi Aroaren amaieran altxatuta. Basilikak erretaula barroko dirdaitsua dauka. Santa Ana komentua ere inguruan dago, baita jauregi gehiago ere Balendin Berriotxoa kalean: Urkizu, Zearsolo, Arriola eta Lekerika-Otsa; XVI. mendetik eta XVIII.era bitartekoak. Denek erakusten dute hiribilduaren garai bateko handitasuna.
Bertako jatetxeren batean bazkaldu ostean, Durangora joango gara, Durangoko Arte eta Historia Museoa bisitatuko dugu. Etxezarreta izeneko jauregi barroko batek hartzen du museoa. Durangaldeko historian egiten gabiltzan ibilbidea biribilduko dugu horrela. Herriaren bilakaera ekonomiko eta soziala erakusten dituzte museoko objektuek eta dokumentuek. Era berean, euskal artisten artelanen bilduma garrantzitsua dauka, eta, besteak beste, artista hauen lanak: Aurelio Arteta, Jose Mari Urcelay eta Agustin Ibarrola.
Eguna bukatzeko, Durangotik abiatuz eta BI-623 errepidea hartuta, Mañarian Hontza Museoa ezagutzeko aukera badaukagu, Bizkaiko natura zientzien museo bakarra, bere bilduman bost kontinenteetako 36.000 ale baino gehiago gordetzen dituena.