Foruko Herri erromatarra Elexaldeko muinoan dago (Foruan), Oka ibaiaren ezkerraldean, hau da, Urdaibai haranaren bihotzean. Kristo ondoko I. mendean sortu zen, 6 hektareako azalera batean, eta etenik gabe garatu zen Kristo ondoko V. mendera arte.
Foruko udalerriak gaur egun duen izena ikusita, herrixka erromatarra forum edo foru bat izango zen (merkatua eta auzitegia). Garai hartan, eta inguruko biztanle-gune guztiak hartuko zituen barne, eta Erromak haranean izan zuen eragina egituratuko zuen. Bestetik, itsasadarraren ondoan dagoenez, ziurrena, itsas portu garrantzitsua izango zen, alde batetik, produktu manufakturatuak Bizkaira sartzeko, eta, bestetik, Ereñoko marmola eta alderdi osoko burdina Kantauri itsasoko beste toki batzuetara esportatzeko.
Aztarnategia 2012ra arte induskatu da, eta ezagutzera eman du hamaika egitura izan zirela, tipologia eta erabilera desberdinetakoak, harearrizko hargin-lanez eginak. Biztanleen etxolez eta etxeez gain, burdina urtzeko labe metalurgiko asko aurkitu dira, eta hainbat burdinola ere bai, lanabesak, armak eta metalezko barrak lantzeko erabiliak.
Tourseko San Martin parrokia-elizako lur-azpian, erromatarren garaiko (Kristo ondoko I. mendeko) gainjarritako bi plaza arkupedun aurkitu zituzten aurreko hamarkadan. Ziurrena, zerikusia izango dute forum edo plaza publikoarekin. Hondar horien gainean, eta tenplu kristauaren barruan, Erdi Aroko nekropoliak eta Berpizkunde garaiko (XVI) oraingo tenpluaren aurrekaria zen eliza gotikoaren oinplanoa aurkitu zituzten.
Helbidea: Aztarnategia Foruako Elexalde auzoan dago, San Martín de Tours elizaren inguruan.
GPS Koordenatuak- I 43º 19 56 / M- 2º 40 24
Telefonoa: 688856689
Posta elektronikoa: ibilbideak@bizkaia.eus
Web orrialdea: www.bizkaikoa.bizkaia.eus
Bisitak uztailaren 2, 4, 9, 12, 15, 17, 20, 25 eta 27an eta abuztuaren 2, 5, 7, 10, 15, 20, 23, 26 eta 30ean egingo dira 11:00 eta 17:00etan. Elkartze puntua Foruko Santa Maria eliza (Elexalde) izango da.
Bisitaren iraupena 2 ordukoa da. Toursko San Martin eliza eta Erromatarren garaiko-Erdi Aroko aztarnategi arkeologikoa ikusiko dira.
Bisita gidatuak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Gehienez 30 pertsona.
Orokorra: 3€
Murriztua: 2€ (langabeak, erretiratuak eta desgaituak)
Doakoa: 12 urtetik beherakoak