Itsasmuseum Bilbao (Itsas Museoa)
Itsasmuseum Bilbaok Bilboko eta Bizkaiko itsasoaren inguruko kulturaren kontaketa jasotzen du eta Bilboko eta Bizkaiko herritarrek itsasoarekin izan duten eta duten harreman estua islatzen du, harreman horrek nortasun eta tradizio bereziak, bakarrak, moldatu dituelarik. Itsasmuseumek Bilboko eta Bizkaiko itsasoaren inguruko ondarea kontserbatu eta zabaltzen dihardu lanean, bertako eta atzerriko bisitariei begira, ikuspegi didaktiko eta parte-hartzaile batetik abiatuta. Euskalduna ontziola zaharretako diken arteko zonalde batean kokatua, Abandoibarrako pasealekuaren barruan dago, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean.
Itsasmuseumak guztira 27.000 m2-ko azalera du, bi gunetan banatuta: barruko aldea eta kanpoko aldea. Kanpoko aldean, 150 urtetik gorako historia duten dikeak daude, eta dike horietan lotzen ziren gaur egun Museoaren bilduma osatzen duten itsasontzietako batzuk, eta bertan zeuden, baita ere, beste osagai batzuk: Carola Garabia, Bonba edo Lehergailuen Etxea eta eskultura batzuk. Dibertsiorako gune egokia da, eta itsas aisialdiko jardueren bilgune legez gero eta garrantzia handiago hartzen ari da.
Barruko aldeak, berriz, 7.000 m2 baino gehiago ditu eta bertan daude kokatuta aldi baterako erakusketak eta erakusketa iraunkorra. Aipamen berezia ikus-entzunezko maketen edo berezko neurrietan sortutako birsorkuntza-lanei, Museoaren erakusketa iraunkorra osatzen baitute. Erakusketa horren barrukoak dira, besteak beste, ERAIN izeneko bi proiektu berri: XX. mendeko erriberako arotzeria eta Port Center proiektua, Bilboko Portuak gaur egun duen garrantzia eta eginkizuna azaltzen dituena.