-
PASIO BIZIDUNAREN I.G. (Balmas...
Balmasedako Santa Clara komentua Burgoserako irteeran dago kokatuta estrategikoki. Juan de la Piedra Verástegui indianoak (jatorriz Balmasedakoa) 1643an Panamatik igorritako legatu paregabe bati esker eraiki zen. Bere testamentuan hiru mila dukateko legatua utzi zuen, Klaratarren klausurako komentu bat sortu eta mantentzeko. 1666ko urriaren 31n heldu zen komentura lehen abadesa, María Jacinta de la Puente andrea. Oinplanoan pixka bat nabarmentzen den gurutzea duen nabedun eliza motakoa da, eta koroa eta jaunartze mahaia ditu oinetan. Fatxada soila da, eta sarrera nagusia erdi-puntuko arku baten azpian dago. Gainean horma-hobi bat dago Santa Clararen irudiarekin; ezkutuak ditu alde bietan. Barrualdean erretaula barroko zoragarriak daude, trazadura, gauzatze eta iruditeria bikaina duten XVII. eta XVIII. mendeko obrekin. Koroan 1777ko organo bat kontserbatzen da, Bizkaiko zaharrenetako bat. Gaur egun Balmasedako Pasio Bizidunaren Interpretazio Gunearen egoitza da. Bertan, bisitariek urte osoan ezagutu ditzakete Gurutze-bide Bizidunari buruzko gauza guztiak. Museo Egoitzan erakusketa iraunkor bat dago. Bertan antzezpeneko jantziak, pausoak, objektuak, irudiak eta soinuak biltzen dira. Horrez gain, tailerrak egiteko espazio bat ere badu.
-
Urdaibai Bird Center
Sekulako museoa eta hegaztien ikerketa zentroa izateaz gain, Bird Center-a paregabea da Urdaibaiko Erreserbaren bihotzean kokatuta dagoelako eta paduraren ikuspegi harrigarriak eskaintzen dituen behatoki pribilegiatua delakoa. Zentro bizia da; inork ez daki egun berriak zer ekarriko duen, izan ere, hegaztiek zehazten dute Zentroaren norabidea. Naturaren ikuskizun handienetarikoaz ari gara, Hegaztien Migrazioaz, non Urdaibai bidai luze horretan derrigorrezko pausalekua den. Bisitariek zentroko behatokietatik bertatik gozatuko dute Urdaibaiko Erreserba bisitatzen duten hegazti espezie ezberdinekin; Wadden Itsasotik datozen mokozabalak, lertxun lirainak, ahate espezie ugari, iparralde urrunetik etorritako limikolak eta hain iheskorra den zezen-txoria dira ikus daitezkeen batzuk. Hegaztientzako aireportu paregabeko baten aurrean gaude, non zentroko teknikarien aholkuek eta ikustentzunezko ikaragarrien laguntzak mundu liluragarri honetan murgilduko gaituzte. Bisitak, bai Audio-giden bitartez, modu autonomo batean bisitatzeko aukera ematen duen sistemarekin, eta bai bisita gidatuen bitartez aurretiko erreserba eginda burutu daitezke.
-
Ekoetxea Urdaibai
Natura-ingurune ederrean eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzean dagoen Busturiko Madariaga Dorretxea da Ekoetxea Urdaibai, Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroaren egoitza. Xede bikoitza du zentroak: natura-ondarearen aniztasuna, funtzioak eta aberastasuna ezagutaraztea, eta, aldi berean, biodibertsitatearen ezagutza sustatzea. Bi sailetan banatuta dago: Ezagutzaren unitatea eta Parte-hartze publikoaren unitatea. Lehendabizikoak dibertsitatearen inguruko ikerketa zientifikoa du ardatz, eta bigarrenak, aldiz, dibertsitate biologikoaren berri ematen die bisitariei, naturarekiko errespetua oinarritzat hartuta. Horretarako erakusketak (erakusketa iraunkorrak biodibertsitatea zer den azaltzen du), ikus-entzunezko baliabideak eta muntaia interaktiboak erabiltzen dituzte. Ondoren, Madariaga Dorretxeko behatokira joan daitezke bisitariak; bertan, paisaia ikusgarriez gozatu eta largabistak erabiliz Izaro uhartea, Laidako hondartza eta Urdaibaiko padurak ikusteko parada izango dute. Jakina, zentroa bisitatu ostean, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren xarma guztia ezagutzeko ibilbide gidatuetan parte har dezakete.
-
Urduña Hiria Museoa
Orduña Hiria Museoa museo etnografikoa da, eta, bertan, hiriko gremio zahar adierazgarrienak daude erakusgai honako arlo hauei eskainitako 10 aretotan: Jostunak, Gozogileak, Musikariak, Kandelagileak, Botikariak, Ehuleak, Aulkigileak, Zapataginak, Bizikleten Tailerra eta Zinegintza. Era berean, aldi baterako erakusketetarako hiru areto dituen museo kulturala ere bada, eta, bertan, erakusketa artistikoak, antigoaleko gauzen bildumak eta artista berrien lanak jartzen dira erakusgai. Hona hemen museoaren helburuak: Urduñako ondare etnografiko eta kulturala berreskuratzea, artatzea eta erakusgai jartzea. Museoa beste jakintza-iturri bat da. Geure oraintsuko iragana erakustea beste baliabide turistiko bat da, eta hiriko dinamizazio kulturala sustatzen du. Adin jakin bateko bisitarien oroimina eta gazteenen jakin-mina dira bisitarien artean sumatzen diren bi sentsazio ohikoenak. Inor ez da epel geratzen objektuen bilduma honen aurrean, eta, oraintsuko iraganera arte haien erabilera ohikoa bazen ere, gehienak ahaztu egin dira. 3 solairuko eta 1.200 m2-ko eraikina Andre Maria plazan dago kokatuta, parrokiaren alboan. Udal-titularitatekoa da, eta Hamaika Kale Elkarteak nahiz bertako ia-ia 200 boluntarioek kudeatzen dute.
-
Simón Bolívar Museoa
Errementarikua baserriak hartzen du 1983az geroztik Simón Bolívar Museoa. Donejakueren kostaldeko Bizkaiko ibilbidearen ondoan dago. Museoaren bildumek girotu egiten dituzte, batetik, Erdi Aroko bizkaitarren bizimodua eta, bestetik, Simón Bolívarren ibilbide pertsonala eta politikoa. - Beheko solairuan: Simón Bolívarren ikonografia dago. Aldi baterako erakusketak ere hemen ipintzen dira. - Lehen solairuan: Erdi Aroari buruzko informazioa dago (paisaia, abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarrituta egiten zuten bizimodua, Bolibarreko eta Ziortzako elizek izan zuten garrantzia, ikatza egiteko egurrari zelan ateratzen zioten probetxua, jarduera ekonomikoak –burdingintza eta errotak–, eta hiribilduak zelan sortu ziren) - Bigarren solairuan: Simón Bolívarren biografia kronologikoa dago (Venezuela, 1783-Kolonbia, 1830). Bolívarren genealogia, Europara egin zituen bidaiak, Bilbon eta Madrilen egin zuen egonaldia, Bolívarren atal politikoak, eta Independentziaren geografia). Simón Bolívar Museoa FACEBOOK
-
Eleiz Museoa
Eleiz Museoan ikus daitezkeen lanak Bizkaiko tenpluetatik ekarri dira: elizetatik, baselizetatik eta komentuetatik. Bizkaian eta bizkaitar artistek egindakoak dira asko eta asko. Beste batzuk, berriz, kanpotik iritsi dira, baina gure lurralderako beren-beregi eskatutakoak izan ziren. Museoa ez da arte ederretakoa, azken 800 urteetako bizkaitar artearen museoa baizik. Erromanikotik gaur egunera artekoa. Museoak Atxuriko Enkarnazioko komentuaren solairu bi hartzen ditu. Lehen solairuan, urregintzako bilduma ederra ikus daiteke. Hemen egindako piezen ondoan daude Ameriketatik ekarritako lan bikain-bikainak. Opariak dira azken horiek, bizkaitarrek han arrakasta ekonomikoa lortu, eta euren jatorriko parrokiak ahaztu barik egindakoak. Hemen dago erlijio-arte garaikidearen aretoa, azken mendeko artista nabarmenek eginikoa: Larrea, Uranga, Romero de Torres... Bigarren solairuan, berriz, erromanikotik neoklasizismorako bidea egiten dute eskulturek eta pinturek, honelako artisten lanekin: Beaugrant, Luca Giordano, Carnicero, Paret... Eleiz Museoa
-
Durangoko Arte eta Historia Mu...
Durangoko Arte eta Historia Museoa Etxezarreta jauregian dago. Eraikin hau Durangoko Udalak erosi zuen 1984an, eta 1986an museoaren ateak ireki ziren Leopoldo Zugazaren zuzendaritzapean. Hasiera batean, museoak euskal arte garaikidearen bilduma bat zuen (lanak museoko bildumako parte dira, Ezkurdiko Kultura Aretoetan Zugazak antolatutako erakusketei esker erositakoak), herriko historia eta etnografia bilduma, liburutegia eta artxibo historikoa. 1995an liburutegia Garai Jauregira lekualdatu zen eta, horren ordez, aldi baterako erakusketen aretoa jarri zen, eta aurretik Ezkurdiko Kultura Aretoetan egiten ziren erakusketak bertan atontzen hasi ziren. Eraikinaren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko 2018an egindako lanen ondoren, museoak bilduma eta banaketa berritu zituen. Hirugarren solairuan, euskal arte garaikidearen bilduma dago, Zumeta, Balerdi, Herrero eta Zubiaurre artisten lanekin, besteak beste. Herriko historiaren aretoa lehen solairuan dago. Bertan, hiribilduaren historia ikus daiteke historiaurretik gaur egunera arte. Beheko solairuan eta bigarren solairuan aldi baterako erakusketa-aretoak daude. Gai artistikoak nahiz historikoak izan daitezke, tokiko izaera alde batera utzi gabe. Azken urteotan Picasso, Chillida, Dalí eta Dürerren erakusketak nabarmendu dira. Museoak hezkuntzaren eta zabalkundearen aldeko apustua egiten du, eta, horregatik, doako eta publiko guztiarentzako tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta abar eskaintzen ditu urte osoan zehar. Era horretan, kultura herritar guztiei transmititzen zaiela bermatzen da.
-
Enkarterrietako Museoa
Enkarterriko eraikinik enblematikoa ikusiko dugu, batzar-etxe gisa sortua, mende eta mendeetan gobernu politikoko gunea izandakoa, eta gaur egun, Enkarterriko kulturaren eredu, museo bilakatua. Zaharberritzeko lan ugari egin ondoren, 1989an azkeneko aldiz eraberritu zuten, eta gaur duen itxura hartu zuen, dorrearen aurrean forma modernoak dituen atala gehituta eta Batzar-etxearen eta korrejidorearen etxearen barrualdea eraberrituta.Obrak bukatu ondoren, 1994an Enkarterrietako Museoa inauguratu zen. Bizkaiko Batzar Nagusien eraikin honek zortzi areto ditu, eta eskualde osoaren historiaren berri ematen digu, Historiaurrean hasi eta XIX. mendera arte. Museoaren zeregin nagusia Enkarterriko historia, ondarea eta artea ezagutzera ematea da: Enkarterriko kultura ikertzea. Enkarterriko eta Bizkai osoko kulturari buruzko erakusketak prestatzea. Azterketa historikoak eta artistikoak argitaratzea. Jarduera didaktikoak egitea, ikasleei Enkarterriko kulturako hainbat atal erakusteko. Kultura-izaerako bestelako jarduerak egitea: hitzaldiak, ibilbideak, erakunde eta partikularekiko elkarlana etab.
-
Euskal Museoa
Euskal Museoa 1921ean sortu zen, eta Bilboko Alde Zaharrean dago, Jesusen Lagundiko San Andres ikastetxea izenez ezagutzen den XVII. mendean eraikitako eraikinean, hain zuzen ere. Museoak hiru solairu ditu, eta Klaustro soil baten inguruan egituratzen da. Klaustroaren erdialdean museoko lanik enblematikoenetako bat dago: Mikeldiko idoloa, II. Burdin Aroko eskultura zoomorfoa. Museoko funtsek euskal kulturaren eta horren gorabehera historikoen ikuspegi zabala eskaintzen dute. Izaera tradizionalekoak nabarmentzen dira, eta bi bloke nagusitan banatzen dira: euskal historia eta etnografia. Hau da, historian zehar kolektibo baten, euskal kolektiboaren, eguneroko bizitzaren lekuko diren objektuak. Beheko solairua Mikeldi, Kurutziagako Gurutzearen erreprodukzioa, eta “Victoria” zaldi-kotxea Lehen solairua: Etnografia Artzain-kultura, Euskaldunen itsasoa eta Ehun-eskulangintzak: artilea eta lihoa Bigarren solairua: Zeramika eta Burdingintza Euskal Herriko buztingintza, Euskal lozak eta portzelanak, eta Lebarioko burdinolaren maketa (1:5 eskala) Hirugarren solairua: Historia Bizkaiko Maketa (Eskala horizontala 1:5000/ Eskala bertikala 1:2500/ 200 m2-tako), Bilboko Kontsulatua eta Kartografia Historikoa ALDI BATERAKO ITXITA,ERABERRITZE INTEGRALA DELA ETA Euskal Museoa